Zumaia - Zarautz

Distantzia: 9 km

Iraupena: 3 ordu

Kostaldeko bi herri hauek ibilbide atsegin eta eroso bat eginez lot ditzakegu, bi herri horietatik barrena kostalde partetik doan GR-121 bidezidorrari esker. Euskotren konpainiak nahiz autobus konpainiak eskaintzen duten zerbitzuarekin osatzen badugu, denbora laburrean itzul gaitezke gure abialekura. Ibilbide honetan Gipuzkoako kultur paisaiarik berezienetako bat izango dugu lagun, hots, txakolinetarako mahastiek eskaintzen digutena, sarritan itsas bazterrean ere topatuko ditugunak eta inguru honi ospe handia eman diotenak.

Zumaiako Narrondo ibaiaren gaineko oinezkoen zubitik abiatu ondoren, itsasadarra inguratu beharko dugu Zuloaga museoaren aldamenean, eta bertan ekingo diogu Askizu aldera eramango gaituen aldapari. Ibilbidea ongi markatua dago, eta beraz, GR bideetako marka bereziei erreparatu besterik ez dugu izango. Ibilbidea, gainaldera iritsi ondoren, kostaldeko erlaitzean barrena doa; erliebe hori nagusituko zaigu Bidasoaren bokaletik hasi eta Gipuzkoako kostalde osoan. Poliki-poliki gora eginez, berehala ikusiko dugu Getariako erliebea beheko partean, baita San Anton mendi nabarmena ere. Garatemendi tontorrean, gure ibilbideko punturik garaienean, III. Gerra Karlistako (1871-1876) gotorleku baten hondakinak ikus ditzakegu; karlisten gudarosteek eraiki zuten Getaria bonbardatzeko, hura liberalen esku baitzegoen. Artelatz-basotxoak eta zuhaitz bakanak, Mediterraneo aldeko Europan oso ugariak izan arren, oso bitxiak dira gure latitude hauetan. Antzinako klima-baldintzak egungoak bezalakoak izan ez zirela frogatzen duten lekukoak dira. Ibilbidearen azken partean galtzada-harrizko tarte batzuk izango ditugu, eta Zarautzera eramango gaituen azken jaitsiera baino lehen, Santa Barbara ermitaren ondotik igaroko gara; toki horretan, une batez bidetik urruntzea merezi du, Zarauzko badiaren eta kostaldearen ikuspegi paregabeekin gozatzeko.