Zumaia - Elorriaga - Pikote

Distantzia: 9,1 km

Iraupena: 2 ordu eta erdi

Ibilbide honek duen bertuterik handienetako bat, hain zuzen ere, Zumaiako parajerik ederrenetako batzuk ikusteko aukera eskaintzea da, esate baterako, Urola itsasadarra, Elorriaga aldera ditugun muino leun eta baserriak eta, azkenik, itsaslabar harrigarriz jositako kostaldea. Ibilbideari ekin eta Foronda jauregia inguratu ondoren, lehen igoera, Amezmendin barrena doana, argi bereizten ez den bidezidor batetik doa; beraz, kontuz ibili behar da bide onetik joateko. Hortik gora eginez, itsasadarraren ikuspegi desberdinak erakusten dizkiguten zenbait leku daude. Horietatik begiratuta, Zumaia duela mende batzuk nolakoa izan zen ikus dezakegu: harresi batek inguratutako etxe multzo txikia, inguruan itsasadar zabala eta itsasgoran urak hartzen zituen padurak zituela. Gora eginez, ingurune polita izango dugu ikusgai: han-hemenka baserriak dituzten mendi muino biribilak. Bideak gora egiten du Elorriagaraino. Baserri kutsuko landa-ingurune honetan, San Sebastian ermita txikia bisita dezakegu, baita mokadutxo baten bidez indarrak hartu ere bertako tabernan. Hortik hasiko gara itzultzen, itsasorantz hurbiltzen den bide batetik. Ibilbidea lau samarra da hor, ia bat-batean Pikote baserriaren ondoan itsaslabar handi batekin topo egin arte. 150 m garai da Pikote baserriaren ondoko itsaslabar bertikala, eta hortik bi aukera ditu ibilbideak: errazena (A aukera) baserritik Zumaiara itzultzen den pista hartzea da; bestea (B aukera), zailagoa, itsaslabarraren ertzetik itzultzea da. Bigarren aukera hartuz gero, kontuan eduki behar da zenbait lekutan bidea ez dagoela ondo markatuta, itsaslabarraren ertzetik doala eta aldapak oso handiak direla. Bigarren bide hau aukeratzen badugu, ez atera bidetik eta ez zapaldu inguruko larreak eta lursailak.