Zumaia - Artadi - Askizu

Distantzia: 9 km

Iraupena: 2 ordu eta erdi

Oso ibilbide erraza da, oso bista ederrak dituena. 200 metroko altueraraino iristen da eta txakolina egiteko mahastiak zeharkatzen ditu. Ibilbidearen lehen zatia Artadirako errepidetik doa, baina ez dauka eragozpen handirik: azkar egiten da, ez dauka trafiko askorik eta artadi eder bat zeharkatzeko aukera ematen du. Artadi utzi eta minutu batzuk geroago, bideak gora egiten du berriro. Laster, Garate gainera iristean, bista paregabeak izango ditugu: Oikia, Urola ibarra, Izarraitzeko mendigunea, Indamendi, eta inguruko beste zenbait mendi. Artadi kantauriarra atzean utziko dugu berehala, eta txakolinetarako mahastiak pixkanaka-pixkanaka nagusitzen joango zaizkigu. Izan ere, gero eta mahasti gehiago dago Getariako inguruko kostaldeko parte honetan eta beste zenbaitetan. Ibilbidea irailean edo urrian egiten badugu, mahats-bilketa ikusi ahal izango dugu. Aste gutxi batzuk geroago izango dugu emaitza: ardo ondu gabea, orain dela gutxi arte paraje hauetan bakarrik egiten zena, gero eta izen handiagokoa. Ibilbideari jarraituz Askizuko auzora iritsiko gara. Duela mende bat arte -errepide berria egin zen arte-, ezinbestean igaro behar zen bertatik, kostaldeko bidea hortik baitzihoan. Hemendik aurrera, Kostako Done Jakue Bidearekin bat eginda joango da gure ibilbidea. Bueltako ibilbide guztian zehar Zumaiako bista zoragarriak izango ditugu, eta ibilbidea egin ahala, leku pribilegiatuan kokatuta dagoela ohartuko gara.