Talaimendi - Algorri

Distantzia: 4 km

Iraupena: ordubete eta 40 minutu

Bigarren ibilbide honek aukera paregabea ematen digu Zumaiatik gertuen dauden itsaslabarrak ikusteko. Altxor geologiko apartak dira, orain dela gutxi arte urrunetik etorritako geologia-aditu bakan batzuk bakarrik ezagutzen zituztenak, baina sekretu liluragarriak gordetzen dituzte. Egokiena ibilbidea itsasbeheran egitea da, aldi horretan agerian geratzen den marearteko zabalgune zabala ikusi ahal izango baitugu. Hemen proposatzen dugun ibilbide hau herrigunetik gorantz doa Talaimendiraino, Zumaiako antzinako talaiaraino. Euskal kostaldean dauden beste talaia asko bezala, baleak ikusteko eta kostaldean gertatzen ziren gauza guztien berri emateko erabiltzen zen Erdi Arotik aurrera. Ibilbidea Itzurun hondartzaren gainaldetik doa gero, eta itsaslabarren gailurrak zeharkatzen ditu Algorriko puntaraino. Ibilbideko gauzarik nabarmenenetako bat haitzen egitura berezia da, flysch izenekoa, elkarren segidan doazen geruza gogor eta bigunez osatua (hareharri eta lutiten estratuak dira). Geruza horiek duela milioika urte sedimentatu ziren antzinako itsasoaren hondo-hondoan. Geruza horiek, lurpean geratu eta arroka bihurtu ondoren, mugitu egin ziren Lurraren barne-dinamikaren ondorioz, eta hala, azaleratu eta itsasoaren higadura-lanaren mende geratu ziren: olatuek, labanak balira bezala, haitzen aurrealdea moztu eta urradura plataforma horizontal bat eratu dute, eta, ondorioz, itsaslabar bertikal bat, olatuek ekiten duten mugan. Algorriko lur-muturrean, itsas azpitik azaleratutako geruza horien artean, duela 65 miloi urte sortutako geruza bat dago, eta garai hartan Lurrarekin talka egin zuen meteorito baten partikulak ditu. Ziurrenik, talka horrek eragingo zuen planetako espezieen bosgarren desagerpen handia. Badira beste bi geruza bertikal Itzurun hondartzaren alde banatara, mundu osoan erreferentzia gisa erabiltzeko estratotipo ofizial izendatuak, azaleratze horien kalitatearengatik. Ingurune honi eta bertako geologia interesgarriari buruzko informazio gehiago izateko, egokiena Algorri Ezagutza Etxera joatea edo Zumaiako turismo bulegoak horretarako propio antolatzen dituen bisita gidatuak egitea.