Deba - Zumaia

Distantzia: 15 km

Iraupena: 5-6 ordu

Gero eta jende gehiagok egiten duen txangoa da; izan ere, Euskal Herriko kostaldeko lekurik zoragarri eta interesgarrienetako bat ezagutzeko aukera emango digu, orain berriki kostaldeko biotopo izendatu duten Deba-Zumaia natur ingurunean barneratzen baita. Ibilbide honi esker, ordu batzuetan, gure planetaren historiako 50 milioi urte baino gehiago geruzaz geruza biltzen dituzten estratuen hurrenkera etengabea ikusi ahal izango dugu. Debaren eta Zumaiaren arteko ibilaldiak ibilbide bat baino gehiago ditu -haitzetatik egiteko aukera ere badago-, eta, horietatik, hau da guk proposatzen duguna: GR 121 edo Gipuzkoako Bira ibilbideari jarraitzea. Beraz, ibilaldi honetan GRaren marka zuri-gorriei jarraitu besterik ez dago. Ibilbidea edozein noranzkotan egin daiteke, baina guk Debara Euskotrenez joan eta Zumaiara oinez itzultzea proposatzen dizugu. Era guztietako paisaiak ikus ditzakegun ibilbide honetan, kostaren gaineko hainbat talaiarekin egingo dugu topo, lehendabizikoa Santa Katalinako ermita. Ibilbidearen erdi aldera, merezi du GR une batez utzi eta Mendatagaina eta Sakonetako itsaslabar handi-handiak ikustea. Itsasbeheran, leku horretan bertan, marearteko zabalgune ikusgarria ere zeharka dezakegu: itsaslabar eder-ederrak daude, flysch-a agerian dutela. Gaur egun sinestezina iruditzen bazaigu ere, 1970eko hamarkadan, ingurune horretan zentral nuklear bat egiteko asmoa zegoen. Kostalde honen guztiaren inguruan hainbat istorio daude, estraperloari buruzkoak, olagarroaren arrantzari buruzkoak eta beste zenbait konturi buruzkoak. Ez dugu ahaztu behar, halaber, Zumaiako eta Debako turismo bulegoek, ibilaldi gidatu hau eskaintzen dutela, aukera ezin hobea bertako sekretu asko eta asko ezagutzeko.