Geologia

Euskal Kostaldeko Geoparkearen geologia askotarikoa da, oso ikusgarria eta ulertzeko nahiko erraza. Ikuspegi zientifikotik Zumaiako flyscha da gure bereizgarri nagusia. UNESCOk eta Geologia Zientzien Nazioarteko Batasunak (IUGS) gure flyscharen nazioarteko garrantzia aitortu dute, baina askoz gehiago dago. Kontsultatu Geoparkeko mapa geologikoa eta geologia-interesguneak.

Gure historia geologikoa

Gure historia geologikoa duela 110 milioi urte inguru hasi zen, eta Bizkaiko golkoa ireki eta ixtearekin, Pirinioak altxatzearekin eta itsasoaren eta euriaren “azkenaldiko” higadurarekin lotuta dago, batez ere.


Koralen itsaso tropikala eta flysch beltza. Behe kretazea 115-100 milioi urte

Gure lurraldea itsaso tropikal ez oso sakon batek estaltzen zuen, non koralezko arrezife handiak sortu ziren, gaur egun Geoparkearen barnealdeko mendietako kareharriak eratzen dituztenak. Bizkaiko golkoa irekitzeak mugimendu tektonikoak eragin zituen, eta, ondorioz, azaleko plataforma horiek hautsi eta sakoneko ildo handiak sortu ziren. Ildo horietan jalki zen gaur egun Deba eta Mutrikuko itsaslabarretan ikus dezakegun flysch beltza. Itsas hondo oso ezegonkorra zen, eta horrek sedimentazio oso konplexua eragin zuen, non luizi handiak, itsaspeko arroilak eta deltak, eta aktibitate bolkaniko apur bat bereiz ditzakegun.

Flysch beltza Debako hondartzan.

Sesiarte mendiko arrezife-kareharriak, itsaso tropikal batean eratuak duela 110 milioi urte

Informazio gehiago:

Interesgune geologikoak:

Flyscheko itsaso sakona;
Goi Kretazeoa-Eozenoa / 100 – 50 milioi urte

Bizkaiko golkoaren irekiera moteldu egin zen, eta Geoparkea itsas hondo sakon eta lasaia bihurtu zen. Han pilatu ziren horizontalean gaur egun Deba eta Zumaia artean ikus dezakegun flyscha osatzen duten kareharri, marga eta hareharrizko geruzak. Itsas hondoen pilaketa erraldoi horrek 3.000 metrotik gorako lodiera zuen. Liburu handi bat bezalakoa da, non, orrialdez orrialde, Lurraren historiaren 50 milioi urte baino gehiago jarraian irakur ditzakegun. Zumaiako flyscharen geruzek planeta osoko ikertzaileak erakarri dituzte, horietan gertaera garrantzitsuak erregistratu baitaude; besteak beste, dinosauroen desagerpena, Eozenoaren hasieraren superberotzea eta Milankovitchen ziklikotasun astronomikoa. 2010ean, IUGS erakundeak urrezko bi iltze jarri zituen, bi muga-estratotipo definitzen dituztenak. Hori da gure harribitxi geologiko handia.

K/Pg muga, Algorriko kalan dinosauruen desagerpena markatzen duena.

Informazio gehiago:

Interesgune geologikoak:

Pirinioen altxatzea;
Oligozenoa-Pliozenoa / 40 – 2 milioi urte

Iberiar penintsulak bere erloju-orratzen kontrako errotazio-mugimenduarekin jarraitu zuen, eta Eurasiarekin talka egiten amaitu zuen, Bizkaiko golkoa behin betiko itxiz eta Pirinioetako mendikatea altxatuz. Itsasoko sedimentuak tolestura handietan deformatu ziren, eta haustura eta failetan hautsi ziren. Geoparkean, talka handi horrekin lotutako hainbat eskalatako deformazio-egitura garrantzitsu eta askotarikoak identifika ditzakegu.

 

Aitzandiko puntako tolestura etzana, Debako flysch beltzean

Informazio gehiago:

Interesgune geologikoak:

Gaur egungo erliebearen eraketa. 
Kuaternarioa / 2-0 milioi urte.

Egungo erliebea azken 5 milioi urteetan itsasoak eta euriak eragindako higaduraren emaitza da. Prozesu horien intentsitatea eta izaera oraintsuko klima-aldaketekin eta itsas mailaren aldaketekin lotuta daude. Aldi horretan, hainbat fenomeno garrantzitsu gertatu dira: ibai-sarearen garapena eta haranen ahokadura, itsaslabarren, zabalguneen eta hondartzen eraketa, estuarioen betelana, haitzuloen, pinakuluen eta poljeen eraketa karstikoa, eta, azkenik, landare-estalduraren hazkundea eta giza okupazioa.

Itsaslabarren higadura eta marearteko zabalgunea Sakonetan

Informazio gehiago:

Interesgune geologikoak itsasertzean:

Interesgune geologikoak karstean:

Mapa geologikoa eta geologia-interesguneak

Euskal Kostaldeko Geoparkearen ondare geologikoa 54 geologia-interesgunek osatzen dute. Interes geologikoko lekuen inbentarioak funtsezkoak dira gure geodibertsitatea kudeatzeko eta kontserbatzeko. Geologia-interesguneen balorazio kuantitatiboa egiteko, Geoparkeak metodologia propioa landu zuen. Metodologia horrek toki bakoitzaren interes zientifikoa, erabilera-potentziala eta kalteberatasuna aztertzen ditu, eta horietako bakoitzerako kudeaketa-neurriak proposatzen ditu.

Deskargatu Geoparkeko mapa geologikoa eta geologia-interesguneak

mapa geologikoa geoparkea

 

Deskargatu Euskal Kostaldeko mapa geologikoa

 

Inbentarioari buruzko informazio gehiago: