Inguruko animaliak ezagutzeko oinatzen tailerra antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak datorren larunbaterako

2020-07-28

Geoparkeak inguruko animaliak ezagutzeko oinatzen tailerra antolatu du Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroarekin elkarlanean.

Nork utzi du oinatz hori? izenburua duen tailerrak, Interpretazio Zentroan bertan egingo da, larunbatean, abuztuaren 1ean. Ordu eta erdiko bi saio egingo dira: bata euskaraz (10:30ean) eta gaztelaniaz bestea (12:00etan). 

Gautarrak direlako, gizakia susmatu orduko ezkutalekua bilatzen dutelako, edo ingurunean kamuflatzen direlako, inguruan ditugun animalia basatiak ikustea ez da erraza izaten. Hortaz, hor daudela ziurtatzeko modu bakarra, sarritan, euren joan etorrietan uzten dituzten arrastoak bilatzea da. Besteak beste, gorotzak, ileak, egagropilak eta lurrean utzitako oinatzak dira mendian animaliek uzten dizkiguten pistak.

Tailerra 6-12 urte arteko umeei zuzenduta dago eta 8 urtetik beherakoek heldu baten laguntza beharko dute. Plazak mugatuak dira eta izen emate bakoitzeko, hiru ume onartuko dira gehienez.
Osasun egoerak hala beharturik, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da eta beharrezko protokolo guztiak aplikatuko dira. 

Izena ematea labur.eus/oinak helbidean egin daiteke, edo Zumaiako turismo bulegoan aurrez aurre edo 943143396 telefonora deituz.

Jardunaldian parte-hartuko duten ume guztiek oroigarri polit bat eramango dute etxera. Zatoz gurekin!

 

 

Inguruko animaliak ezagutzeko oinatzen tailerra antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak datorren larunbaterako