“Kultura, turismoa eta garapen iraunkorra” liburuaren aurkezpena

2012-05-25

“Kultura, turismoa eta garapen iraunkorra” liburuaren eta “pakea bizkaia” proiektuaren aurkezpena, euskal kostaldeko geoparkean. Europar Geoparkeen Astearen baitan, Mike Robinsonek turismoa eta kulturaren arteko harremanaz hitz egingo du, turismoak garapen jasangarriaren baitan duen rolaz eta kultura ezberdinen arteko elkarrizketari egiten dion ekarpenaz. Ondoren, Unai Basurko nabigatzaileak Pakea Bizkaia hezkuntza-proiektua aurkeztuko du. Basurkoren proiektuak bidaia eta nabigazioa  ingurumenarekin, beste kulturen ezagutzarekin eta gazteenen heziketarekin lotzen ditu.

Datorren maiatzaren 30ean, goizeko 9:15ean, Mutrikuko Udaletxeko udalbatzar aretoan, hiru aldundien eta UNESCO Etxearen ekimenez, euskarara itzuli den “Kultura, Turismoa eta Garapen Iraunkorra” liburuaren aurkezpena egingo da.

Aurkezpena liburuaren egilekide Mike Robinsonek berak egingo du. Birminghamgo Unibertsitateko Turismo eta Kultura Katedraduna da Robinson, Kultura Ondarerako Ironbridge Nazioarteko Institutuko zuzendaria eta Centre for Tourism & Cultural Change zentroko zuzendaria.

Jarraian, Unai Basurko nabigatzaileak “Lehiaketetatik hezkuntzara” hitzaldi-proiekzioa eskainiko du, bere hastapenak bela munduan nolakoak izan diren kontatuz eta proiektu osoaren berri emanez. Unai Basurko  nabigatzaileak munduari bira bakarrik eman zion bere belaontzian. Basurkok bere helburu berriak zeintzuk diren azalduko du, baita hezkuntza-proiektu honen bitartez transmititu nahi dituen balioak ere: bidaiak eta beste kulturen ezagutza, ingurumenarekiko errespetua, bereziki itsasoetan eragindako kalteak geldiarazteko premiazko beharra, taldelanaren garrantzia…

Hitzaldien ostean, bertaratutakoek Pakea Bizkaia belaontzia ezagutzeko aukera izango dute nabigatzaile euskaldunaren eskutik.

Aurkezpena kultura, turismoa edota garapen jasangarriaren arloan ikasketak burutzen edota lanean ari direnei dago zuzenduta, kudeaketa publiko zein pribatuko ikuspegitik. Halaber, Geparkean bizi den herritar oro dago gonbidatua, aurkezpenean landuko diren gaietan interesa dutenei.  

Parte hartzen duten guztiek “Kultura, Turismoa eta Garapen Iraunkorra” liburuaren ale bana jasoko dute eta “Lehiaketetatik hezkuntzara” proiekzioaren DVDa.

Parte hartzea guztiz doakoa da. Hori bai, aurrez izena eman behar da, baimendutako gehienezko edukiera bete arte. Izena emateko 943 82 01  10 telefonora deitu behar da edo geogarapen@geogarapen.com helbidera idatzi.

Europar Geoparkeen Astea, maiatzaren 28tik ekainaren 3ra

Euskal Kostaldeko Geoparkeak, Debegesa garapen agentziaren eta Deba, Mutriku eta Zumaiako turismo bulegoen laguntzarekin, bigarren urtez jarraian Europar Geoparkeen Astea antolatu du. Maiatzaren 28tik ekainaren 3ra bitartean, hamaika hitzaldi, tailer eta doako bisita gidatu aurreikusi dira hiru herrietan, herritar orori zuzenduta.

Geoparkeen Astea Europako Geoparke guztietan burutzen den ekimena da eta helburu nagusia lurralde bakoitzeko ondare geologikoa, naturala eta kulturala herritarrei gerturatzea da.

 

Egitarau osoa: www.geoparkea.com

None
“Kultura, turismoa eta garapen iraunkorra” liburuaren aurkezpena