GeoTalks 2019 | "El día en que murió el Mesozoico" film laburraren emanaldia eta solasaldia, maiatzaren 22an

2019-05-13

Geoparkeen Europako Astearen baitan, asteazkenean, hilak 22, "GeoTalks: Zumaia eta dinosauroen desagerpenaren gakoa. Historiaren atzean dagoen istorioa" ekimena egingo du Geoparkeak Zumaian.

Europako Geoparkeen 9. Astearen baitan, GeoTalks ekimenaren 3. edizioa antolatu du Geoparkeak maiatzaren 22rako, asteazkena, "Zumaia eta dinosauroen desagerpenaren gakoa. Historiaren atzean dagoen istorioa" izenburu pean. Zientzia eta zinema lotuko ditu ekimenak; "El día que murió el mesozoico" film laburraren emanaldia eta zientzialarien arteko solasaldia egingo da (gaztelaniaz). 

Pelikularen zati bat Zumaian filmatuta dago. Duela 66 milioi urte asteroide batek lurra jo eta animalien, landareen eta mikroorganismoen desagertze masiboa eragin zuen. Film laburrak, aztarnei segituz, misterioa argitu zuen detektibe-lan bikainaren istorioa kontatzen du. 

Emanaldiaren ondorengo solasaldian arituko diren adituak Jose Antonio Arz, Zaragozako Unibertsitateko paleontologoa eta K/T mugan aditua, eta Estibaliz Apellaniz, EHUko paleontologoa eta Zumaiako flyscharen ikerketan aitzindaria, izango dira. Geoparkeko Batzorde Zientifikoko kideak dira bi zientzialariak. 

Solasaldian gidari izango da Asier Hilario, Geoparkeko zuzendari zientifikoa.

Xabier Orue-Etxeberriari omenaldia 

Horren aurretik, baina, EHUko Paleontologia katedradun eta Geoparkeko Batzorde Zientifikoko kide Xabier Orue-Etxebarriak ‘Ohorezko Geoparkezale’ oroigarria jasoko du. Lehen aldiz emango den aitorpen honek Geoparkeko ondare natural eta kulturalaren ezagutzan ekarpen garrantzitsuak egin dituzten pertsonen lana eskertu eta aintzatetsi nahi du Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Ia 40 urte luzez egindako ikerketa lan mardulari esker, Zumaiako flyschak nazioarte mailako ezagutza eskuratu du. Azpimarratzekoa da, esaterako, Itzurungo hondartzan estratotipoak izendatzeko Orue-Etxebarriak egin zuen apustua. Horregatik guztiagatik, eta laguntzeko beti prest egon delako, Geoparkeak ‘Ohorezko Geoparkezale’ oroigarria emango dio.

Ekitaldia irekia izango da. Zumaiako Aita Mari zinean egingo da, 19:00etatik aurrera.

  • Ikusi egitarau osoa: Europako Geoparkeen IX. Astea
  • GeoTalks 2019 | "El día en que murió el Mesozoico" film laburraren emanaldia eta solasaldia, maiatzaren 22an