Geolodia 2018 Geoparkean: "Karst. Koralezko mendiak eta bailara ezkutuak"

2018-04-11

Geolodia ekimena Euskal Kostaldeko UNESCOren Geoparkean egingo da maiatzaren 12an, larunbata. Aurtengo leloa da "Begiratu zer zapaltzen duzun".

Gipuzkoan aurtengo Geolodia ekimena Euskal Kostaldeko Geoparkean egingo da, maiatzaren 12an. Euskal Herriko Unibertsitateak eta Geoparkeak antolatu dute ibilaldia, “Karst. Koralezko mendiak eta bailara ezkutuak” izenburupean, Geoparkeko barnealdea ezagutzera emateko helburuarekin.

Itziarko plazatik abiatuko da ibilaldia goizeko 9:30ean. Handik oinez aterako da taldea Lasturko San Nikolas auzoraino, lau orduko ibilbidea eginez. Bidean Arantza Aranburu eta Asier Hilario geologoek azalpenak emango dituzte: Behe Kretazeoko koralezko arrezifeak nolakoak ziren, gure paisaiaren bilakaera geologikoa azken milioi urteetan… Euskaraz eta gaztelaniaz emango dira azalpenak.

Bazkaltzeko tartea egin ostean, 15:00etan Lasturko harrobira hurbilduko da taldea autobusez, Hector Fano geologoaren eskutik bertako harria eta honen erabilera ezagutzeko. Itzulera 17:00etan izango da; autobusak Itziarko plazara eramango ditu parte-hartzaileak. 

Mendiko arropa eta oinetako egokiak, ura eta janaria eraman behar dira. Lasturko tabernan bazkaltzeko aukera ere badago, aurrez erreserba eginda.

 

Karst. Koralezko mendiak eta bailara ezkutuak

Eguna: Maiatzaren 12an, larunbata
Ordutegia: irteera goizeko 9:30ean eta itzulera 17:00etan
Abiapuntua: Itziarko plaza
Izen-emateaturismo@geoparkea.com

Ibilaldia doakoa izango da, baina beharrezkoa da aurrez izena ematea, plaza mugatuak baitira (50 lagun). 

 

Zer da Geolodia?

Geologia eta geologoen lanbidea herritarren artean ezagutzera ematea du helburu Geolodia ekimenak. Geologoek gidaturiko eta publiko zabalari zuzendutako doako ibilaldiak dira. Ekimena 2005ean jaio zen Teruelen eta 2010az geroztik estatuko lurralde guztietan egiten da aldi berean, maiatzeko lehen hamabostaldian. 

Ibilaldi hauek inguruko paisaia "begi geologikoekin" ikusteko aukera eskaintzen dute. Era berean, ondare geologikoaren garrantziaz jabetzea eta ondare hau babestearen beharraz ohartaraztea dute helburu.

Aurtengo leloa da "Begiratu zer zapaltzen duzun". Geure oinen azpian planetaren Historia luzea dugu erregistro geologikoetan idatzirik (harkaitzak, fosilak, egiturak...). Zaindu beharreko ondare geologikoa da.

Informazio gehiago: www.sociedadgeologica.es

 

Geolodia 2018 Geoparkean: "Karst. Koralezko mendiak eta bailara ezkutuak"