Euskal Kostaldeko Geoparkean ospatuko den Geolodia19 ekimenerako leku guztiak bete dira

2019-04-10

Gipuzkoan, aurtengo Geolodia Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkean egingo da, “Mutrikuko ammonite erraldoiak” izenburuarekin. Dagoeneko leku guztiak bete dira eta itxita dago izen-ematea.

Gipuzkoan, aurten ere, Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkean ospatuko da 'Geolodia 2019' ekimena. Maiatzaren 11an izango da, larunbata, EHUk eta Geoparkeak elkarlanean antolatuta. 

"Mutrikuko ammonite erraldoiak" izenburupean, ibilaldi gidatua Mutrikun egingo da eta bertako flysch beltza deskubritzeko aukera ezin hobea izango da, Geoparkeko flysch zaharrena, hain zuzen.

Ibilaldian zehar Mikel Lopez-Horgue EHUko Estratigrafia eta Paleontologia irakasle eta ikerlariak eta Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoak emango dituzte azalpenak. Besteak beste, flysch beltza noiz eta nola sortu zen, Mutrikuko ammoniteak non bizi ziren eta zergatik ziren erraldoiak azalduko dute. 

Ibilaldia doakoa da. Goizeko 10:30ean abiatuko da Mutrikuko Txurruka plazatik eta gutxi gorabehera 6 orduko iraupena izango du, 16:30era arte. Ibilbidean zehar, Nautilus Interpretazio Zentroa, Mutrikuko hirigune historikoa eta 7 Hondartzak ezagutuko dituzte. Labarretan ibiltzeko oinetako egokiak eramatea beharrezkoa da. 

Izen-ematea itxita dago leku guztiak bete egin baitira.

Geolodia ekimenari  buruz

Geologia eta geologoen lanbidea herritarren artean ezagutzera ematea du helburu Geolodia ekimenak. Geologoek gidaturiko eta publiko zabalari zuzendutako doako ibilaldiak dira. Ekimena 2005ean jaio zen Teruelen eta 2010az geroztik espainiar estatuko lurralde guztietan egiten da aldi berean. 

Ibilaldi hauek inguruko paisaia "begi geologikoekin" ikusteko aukera eskaintzen dute. Era berean, ondare geologikoaren garrantziaz jabetzea eta ondare hau babestearen beharraz ohartaraztea dute helburu.

Euskal Kostaldeko Geoparkean ospatuko den Geolodia19 ekimenerako leku guztiak bete dira