Geoparkeak ebaluazio misioa jasoko du datorren astean UNESCOren Munduko Geoparke izendapena berresteko

2018-07-06

Uztailaren 10etik 12ra, Geoparkeen Munduko Sareko bi ebaluatzailek Geoparkearen kudeaketa eta esparru ezberdinetan egin diren aurrerapausoak aztertuko dituzte, UNESCOren Munduko Geoparke izendapenari beste lau urtez eutsiko dion erabakitzeko.

Duela lau urte lehendabiziko errebalida prozesua “txartel berdearekin” gainditu ostean, Euskal Kostaldeko Geoparkeak bi ebaluatzaileren bisita jasoko du datorren astean UNESCOren Munduko Geoparke izendapenari beste lau urtez eutsiko dion erabakitzeko.

UNESCOko bi ebaluatzaileren bisita datorren asteartean hasi, hilaren 10ean, eta ostegunera arte luzatuko da, hilak 12. Ebaluatzaileak Irlandako Copper Coast Geoparketik eta Japoniako Unzen Geoparketik datos. Bisitaren helburua da Geoparkearen azken lau urteotako kudeaketa eta eman diren aurrerapausoen azterketa sakona egitea UNESCOren Munduko Geoparke izateko baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko.

Hiru egunez ebaluatzaileak erakundeetako ordezkariekin, teknikariekin eta zonaldeko eragile ezberdinekin elkartuko dira eta Geoparkeko interesgune nagusiak bisitatuko dituzte. 

Gogoratu behar da Euskal Kostaldeko Geoparkea 2010az geroztik dela UNESCOren Munduko eta Europako Geoparkeen Sareko kidea. UNESCOren Munduko Geoparkeek izendapen hau lau urterako eskuratzen dute eta, epe hau igarota, berriro aztertzen da Geoparkearen funtzionamendua eta kalitatea, errebalida prozesu zorrotz baten bitartez.

Azterketaren emaitza 2019ko martxoan emango dute ezagutzera.

Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea

Debako, Mutrikuko eta Zumaiako herriek osatzen dute Euskal Kostaldeko Geoparkea; ondare geologiko, natural eta kultural aparta gordetzen du eta horren inguruan antolatzen da ikerketa zientifikoan, kontserbazioan eta natura turismoan oinarritutako tokiko garapen jasangarrirako estrategia.  

2010az geroztik Europako eta Munduko Geoparkeen Sareko kidea da eta, ordutik, urtez urte, lehen mailako natura turismo-jomuga berritzaile gisa sendotzea lortu du. Halaber, 2015ean, Geoparkeak gordetzen duen ondare natural eta kultural oparoak errekonozimendu garrantzitsua eskuratu zuen, UNESCOren Munduko Geoparke izendapena, nazioarte mailako proiekzioa areagotuz.

Geoparkeko 13 kilometroko itsaslabarretan, geruzaz geruza, Zumaiatik Mutrikuraino, Debatik pasatuz, geologoek Lurraren historiaren 60 milioi urtetik gora irakur dezakete, elkarren segidan. Dinosauruen desagertze handia edota berotze klimatiko handia dira haitz hauetan idatzirik dagoen historiak eskaintzen diguna.

Geoparkeak ebaluazio misioa jasoko du datorren astean UNESCOren Munduko Geoparke izendapena berresteko