Euskal Kostaldeko Geoparkea Bilboko Basque Fest jaialdian izango da aurten ere

2018-03-27

Bisita gidatuak zozkatuko ditu egunero bere standera hurbiltzen diren bisitarien artean.

Beste urte batez, Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea Basque Fest jaialdian izango da; martxoaren 28tik apirilaren 1era egingo da jaialdia Bizkaiko hiriburuan.

Geoparkeak stand bat izango du “Gourmet Txokoa” deritzon espazioan, Bilboko Areatzan bertan jarriko den karpa handian. Geoparkearekin batera, Euskadiko beste eskualde batzuk ere bertan izango dira euren eskaintza ezagutarazteko, gastronomia eta turismoa uztartuz. Espazio hau irekita egongo da martxoaren 29an, 30ean eta 31an, 11:00etatik 15:00etara eta 16:30etik 20:00etara. 

Euskal Kostaldeko Geoparkeak Debako, Mutrikuko eta Zumaiako erakargarri turistikoak emango ditu ezagutzera eta urte osoan eskaintzen dituen esperientzia eta bisita gidatuen berri ere emango du: flyscha uretatik ikusteko itsas-ibilaldiak, barnealdeko bailara ezkutuak ezagutzeko ibilbideak, familiartean egiteko proposamenak… Denera, hamasei bisita gidatu desberdin daude aukeran Geoparkea ezagutu eta deskubritzeko.

Gainera, Basque Fest jaialdiaren baitan, Geoparkeak bisita gidatuak zozkatuko ditu bere standera hurbiltzen diren bisitarien artean. Zozketak egunero egingo dira 14:30ean eta 19:30ean. Hain zuzen ere, Geoparkeko edozein bisita gidatu egiteko sarrera bikoitzak zozkatuko dira, 2018an erabili ahal izateko.

Halaber, tokiko produktuez osatutako Geogourmet otarrak eskuratzeko aukera ere izango da.

Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea

Debako, Mutrikuko eta Zumaiako herriek osatzen dute Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea. Gipuzkoan zein Euskadin geoturismoaren erreferentzia bilakatu da. 2010az geroztik Europako eta Munduko Geoparkeen Sareko kidea da. Halaber, 2015ean, Geoparkeak gordetzen duen ondare natural eta kultural oparoak errekonozimendu garrantzitsua eskuratu zuen, UNESCOren Munduko Geoparke izendapena, nazioarte mailako proiekzioa areagotuz.

Geoparkeak, bere ondare geologiko, natural eta kultural aparta ezagutzera emateko asmoz, eta, aldi berean, balio horien guztien kontserbazioa sustatu nahian, bisita gidatu aukera zabala eta anitza proposatzen du. Bisita gidatuen gaineko informazio osoa eta ordutegiak Geoparkearen webgunean kontsulta daitezke: geoparkea.eus

Euskal Kostaldeko Geoparkea Bilboko Basque Fest jaialdian izango da aurten ere