Andutz-era mendi ibilaldi gidatua antolatu du Geoparkeak abenduaren 14rako

2019-12-04

Larunbatean goizeko 9:30ean Itziarko plazatik abiatuta Andutz mendira igoko gara. 4 bat orduko ibilaldia izango da eta Iñaki Antiguedad eta Ane Zabaleta geologoek gidatuko dute ibilaldia. 

Mendien Nazioarteko Eguna da abenduaren 11a, eta horren harira Euskal Kostaldeko Geoparkeak “Mendiak, ura eta Klima Aldaketa” mendi ibilaldi gidatua antolatu du abenduaren 14rako (larunbata).

Goizeko 9:30ean abiatuko da ibilaldia Itziarko Plazatik, Andutz gailurrera. Bidean hainbat geldiune egingo dira inguruak eskaintzen dituen altxorrez gozatzeko. Iñaki Antiguedad eta Ane Zabaleta geologoek gidatuko dute ibilaldia. Euskaraz emango dituzte azalpenak.

Mendi irteera honetan Geoparkeko mendien sorrera eta bilakaerari buruz hitz egingo dugu eta Geoparkearen uraren jatorriaz arituko gara. Horrez gain, klima aldaketak gurean dituen ondorioak eta mendiek izango duten papera aztertuko dugu. Gainera, igoeran berreskuratu berri den elurzulo bat ikusiko dugu.

Geoparkeko behatoki pribilegiatua den Andutz mendiko ibilaldiak lau bat orduko iraupena izango du. Parte hartzea doakoa da. Parte hartu nahi dutenek, aurrez izena eman behar dute labur.eus/mendiak2019 formularioan edo 943 19 24 52 telefonora deituz (Debako turismo bulegoa). Plazak mugatuak dira.

Mendien Nazioarteko Eguna

2003. urtean Nazio Batuen Erakundeak Nazioarteko Mendien Eguna ezarri zuenetik, abenduaren hasieran izaten dugu gure planetan mendiek duten garrantzia aldarrikatzeko aukera. Hain zuzen ere, Lurraren azaleraren %22 mendiek osatzen dute, eta bertan aurkitzen dugu ura, elikagaia, energia garbia edota aisialdirako beta.

Aitzitik, mendiek jasaten duten mehatxua ez da hutsala. Klima aldaketak, lurren suntsipenak, baliabideen gehiegizko ustiaketak edota hondamendi naturalek mendietako komunitateak ez ezik, munduko biztanleak ere arrisku bizian jartzen dituzte.

Horregatik guztiagatik Euskal Kostaldeko Geoparkeak gure mendiak hobeto ezagutzeko ekimen hau antolatu du.

Andutz-era mendi ibilaldi gidatua antolatu du Geoparkeak abenduaren 14rako