80 zuhaitz landatu ziren atzo Elorriagan

2021-03-15

Eguraldi txarrari aurre eginez, 20 bat lagun bildu ziren atzo, igandez, Biotopoan bertan Gipuzkoako Foru Aldundiak duen mendi publikoko 1,5 hektareako lursaila baso-berritzeko.

Itziarko Auzo Udalak, Lizarbe Guraso Elkarteak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin  80 zuhaitz landatu ziren igande goizean Elorriaga auzoko Galarreta gainean. 

2014 urtetik geroztik partzela hura betetzen joan da urtero egin diren zuhaitz landaketekin. Iaz lan hauek bukatzeko asmoa bagenuen ere, tamalez, osasun egoera zela eta, itxialdia erabaki zen eta egin beharrekoak bertan behera utzi behar izan genituen.

Aurten, landaketa bukatutzat eman da, 80 bat landare sartu ditugu, zuhaitzak zuzen hazteko tutoreak jarri ditugu eta aurreko urteetako hainbat zutoin bere onera ekarri ditugu. Baso berrian, arteak, haritzak, gurbitzak, gorostiak eta elorri zuriak landatu ditugu.

Antolakuntzatik eskerrak eman nahi dizkiegu bertaratutako guztiei, euria eta haizeari muzin eginez, auzolanean lana egiteko agertu duten prestasunagatik.

80 zuhaitz landatu ziren atzo Elorriagan