UNESCOren Munduko Geoparkeen aldizkari berria aurkeztu da Fiturren

2019-01-24

Euskal Kostaldeko Geoparkeak UNESCOren Munduko Geoparkeen aldizkari berria aurkeztu du FITUR turismo azokan.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak jendaurreko bi aurkezpen egin ditu aurten Fitur turismo azokaren baitan.

Atzo, hilak 23, Euskal Kostaldeko Geoparkeak UNESCOren Munduko Geoparkeen geoturismo esperientzien aldizkari berria aurkeztu zuen, Euskadiko standean. Bertan izan ziren Geoparkea osatzen duten hiru herrietako alkateak (Deba, Mutriku eta Zumaia), UNESCO Geoparkeen Sare Globaleko koordinatzailea, Nickolas Zouros, Geoparkeko kudeatzailea, Leire Barriuso, eta baita Fiturren presente diren beste geoparkeetako ordezkari ugari ere. [Ikusi argazki galeria]

Egun espainiar estatuan dauden hamabi Geoparkeak deskubritzen dituen argitalpena da (Cabo de Gata-Níjar, Sierras Subbéticas, Sobrarbe-Pirineos, Sierra Norte de Sevilla, Villuercas-Ibores-Jara, Catalunya Central, El Hierro, Molina Alto Tajo, Lanzarote & Archipiélago Chinijo, Las Loras, Tremp-Montsec eta Euskal Kostaldea). Halaber, aldizkariak geoparke bakoitzerako zenbait geoturismo-esperientzia proposatzen ditu; Lurarren Historiaren puzzlea osatzen duten piezak dira.

Aurten Geoparkea arduratu da aldizkariaren edizioaz eta diseinuaz eta hiru hizkuntzatan argitaratu da (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez). Fitur azokan doan emateaz gainera, urtean zehar egingo diren beste zenbait ekitalditan ere banatuko da, UNESCOren Munduko Geoparkeak ezagutzera emateko asmoz, Berlingo ITB azokan edota nazioarte mailako geoturismo ekimenetan.

Arrietakua Jauregira bisita gidatuak

Hurrengo egunean, hilak 24, 17:00etan, euskal itsas ondarearen harribitxi den Arrietakua Jauregia ezagutzeko bisita gidatuen aurkezpena egingo da Euskadiko standean. Mutrikun XVIII. mende hasieran eraikia, jauregiak Interes Kulturaleko Ondare izendapena du eta Gipuzkoan ondoen gordetzen den ondare-baliabideetako bat da. Jauregia Mutrikuko Hirigune Historikoan dago, 1995az geroztik monumentu multzo izendatua. Gaurdaino bertan bizi izan da familia eta bere horretan mantendu da.

Arrietakua Jauregia iazko ekainean zabaldu zen jendaurrera eta orduz geroztik ia 800 lagunek bisitatu dute. Bisita honek Euskal Kostaldeko Geoparkearen kultur eskaintza osatzen du, balio historiko-artistiko handia duen baliabidea gehituz. Arrietakua Jauregia ezagutzeko bisita gidatuen erreserba Geoparkearen webgunearen bidez egin behar da. 

Geoparkea, ekoturismo helmuga

Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak presentzia bikoitza du FITUR nazioarteko turismo azokan. Igandera bitarte, Geoparkeak natura-turismo eta geoturismo eskaintza zabalaren berri emango du Euskadiko standean, Euskal Kostaldeari eskainitako txokoan.

Gainera, Geoparkeak bere stand propioa du aurten ere Munduko UNESCO Geoparkeekin batera, 4. pabilioian. 

UNESCOren Munduko Geoparkeen aldizkari berria aurkeztu da Fiturren