Euskal Kostaldeko Geoparkeak hamar urte betetzen ditu

2020-02-04

Aurten Euskal Kostaldeko Geoparkeak hamar urte betetzen ditu Geoparkea izatea lortu zuenetik eta bost UNESCOren Munduko Geoparkea izendapena lortu zuenetik. Ospatzeko, urtean zehar hainbat ekitaldi eta jarduera antolatuko ditu.

Lesvosen (Grezia) egindako Geoparkeen Europako Sarearen Koordinazio Batzordeak Euskal Kostaldeko Geoparkearen hautagaitza onartu zuen honek duen ondare geologiko partikularrari esker. Hori horrela, geoparkeen klubeko kide izatea lortu genuen  2010eko urriaren 1ean.

Hamar urte hauetan bi ebaluazio prozesu gainditu ditu Geoparkeak, biak kalifikaziorik altuenarekin, “Green Card” edo Txartel Berdearekin, bata 2014an eta  bestea 2018an. Aitorpen honi esker lau urtez Geoparkea izaten jarraitzeko aukera ematen zaigu, bertako ondare natural eta kulturala zaindu eta sustatzeko aurrera pausuak ematen jarraitzeko.

2015eko azaroan Munduko Geoparkeen zerrendan sartu gintuen UNESCOk eta geroztik Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea deitzen zaio. Deitura berriak nazioarteko sona eta balio bikaina ematen die Geoparkeko paisaia geologikoei.

Hamarkada honen ondoren Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak bere indarra bermatu du erakundeen laguntzari, herritarren babesari eta bisitariei esker. Kontserbazioa, hezkuntza eta geoturismoa izan dira Geoparkearen estrategiaren zutabeak, betiere, Deba, Mutriku eta Zumaia Geoparkea osatzen duten udalerrietako garapen lokal iraunkorraren alde lan eginez.

Hamar urte hauetan egin den lanaren ondorioz emaitza bikainak lortu ditugu eta ilusioz betetako etorkizuna datorkigu. Aurten, ekitaldi ugari egingo dira urteurrena ospatzeko eta urrian antolatuko den jai berezi batekin itxiko da hamarkada honen ospakizuna. Oraindik ezin dugu gehiago aurreratu baina egon adi, sorpresekin gatoz eta!

Mila esker bidea egiten lagundu gaituzuen guztioi!  
Euskal Kostaldeko Geoparkeak hamar urte betetzen ditu