Geoparkeak Euskadiko II. Ekoturismo Foroan parte hartuko du

2019-01-22

Euskal Kostaldeko Geoparkeak Euskadiko II. Ekoturismo Foroan parte hartuko du, Gasteizen, urtarrilaren 31an eta otsailaren 1ean.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere geoturismo proiektua aurkeztuko du Euskadiko II. Ekoturismo Foroan. Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak antolatuta, Gasteizko Biltzar Jauregian egingo da urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean, eta natura-turismoaren eremuko adituak bilduko ditu.

Bigarren biltzar honen helburua da ekoturismoari lotutako kalitatezko eskaintza lehiakor bat garatzeko tresna egokiak zehaztea eta inplementatzea.

Lehendabiziko egunean, ekoturismoaren hastapenak, azken urteotako ibilbidea eta etorkizuneko gakoak landuko dira.

Bigarren egunean, ostiralez, Euskadiko ekoturismo-sareko kideek hartuko dute hitza eta ingurumen eta turismo arloan abian jarri diren ekimenak emango dituzte ezagutzera. Bertan izango dira Urdaibaiko Erreserbako, Atariako, Ekoetxeako eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko ordezkariak.

Leire Barriuso Geoparkeko kudeatzaileak "Geoturismoa Euskal Kostaldeko Geoparkean" hitzaldia eskainiko du ostiralean, otsailak 1, goizeko 10:00etan.

Biltzarra enpresa-sareko ordezkariekin amaituko da, eta, besteak beste, Aktiba eta Nekatur elkarteek eta Euskadiko natura-turismoari eta haren etorkizuneko ikuspegiari lotutako beste agente batzuek hartuko dute parte.

Geoparkeak Euskadiko II. Ekoturismo Foroan parte hartuko du