Geoparkea Fitur turismo azokan izango da aurten ere

2020-01-17

Euskal Kostaldeko Geoparkeak Euskadiko eta UNESCOren Munduko Geoparkeen erakustokietan emango du ezagutzera bere natura-turismo eta geoturismo eskaintza zabala. 

Deba, Mutriku eta Zumaia herriek osatzen duten Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea FITUR nazioarteko turismo azokan izango da beste urte batez. Madrilen IFEMAn egingo da, urtarrilaren 22tik 26era. 

Geoparkeak Euskadiko erakustokian emango du ezagutzera bere natura-turismo eta geoturismo eskaintza zabala, Euskal Kostaldearen txokoan. Gainera, joan den urtean bezala, Geoparkeen Europako Sarearen babespean joango da Fiturrera eta standa elkarbanatuko du UNESCOren Munduko Geoparkeekin.

Jardueraz beteriko azoka

Urtarrilaren 22an arratsaldeko 15:00etan Nicolás Zouros, Munduko Geoparkeen Sareko presidenteak, UNESCOren Munduko Geoparkeen standa inauguratuko du. Bestalde, "Ezagutu Espainiako Geoparkeak" argitalpen berriaren aurkezpena ostegunean egingo da, hilak 23, goizeko 11:00etan Gaztela eta Leoneko standean. Estatuan gaur egun dauden hamabost Geoparkeei buruzko informazioa eta hauen geoturismo eskaintza jasotzen da aldizkarian.

Horrez gain, ostegunean arratsaldeko 15:30ean “Geoparkeak, turismo iraunkorraren jomuga berritzaileak" izenburua duen ponentzia egongo da Turespañaren standean.

Geoparkea ordezkatuz, Zumaiako, Debako eta Mutrikuko alkateak joango dira Madrilera. Haiekin batera izango dira hiru udalerrietako turismo bulegoetako arduradunak, eta Geoparkeko lantaldea, Leire Barriuso gerenteak eta Asier Hilario zuzendari zientifikoak osatua.

Geoparkea Fitur turismo azokan izango da aurten ere