Euskal Kostaldeko Geoparkeak denboraldi berria hasi du berrikuntza ugarirekin

2012-03-19

Zumaia, Deba eta Mutrikuko herriek mundu zirraragarria osatzen dute, Euskal Kostaldeko Geoparkea. Geoparkeak asteburu honetan denboraldi berriari eman dio hasiera, hamaika berrikuntzarekin. Horien artean, haurrei zuzendutako proposamen eta jarduera berriak, espeleologia irteera gidatuak, Karstaren mundua ezagutzeko zaldi-ibilaldiakzetazeoak ikusteko irteerak

 

Hala, Geoparkeak bisita gidatuen 2012ko programa berria argitaratu du, bertako zein kanpotik etorritako bisitariei lurralde zirraragarri honetaz gozatzeko eskaintza zabala jasoz, martxotik azarora bitartean. Hain zuzen, programa berria asteburuan Donostiako Kursaal Jauregian egin den Sevatur turismo azokan aurkeztu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak, Gipuzkoako standaren barruan.

 

Geoparkeko aurtengo bisita programa hiru bloketan sailkatzen da: Flyscharen Ibilbideko irteerak kostaldean, Karstaren Ibilbidekoak barnealdean eta kultura eta esperientzia eskaintza lurralde osoan.

 

Flyscharen Ibilbidea

Zumaia, Deba eta Mutrikuko itsaslabar ikusgarriek altxor natural garrantzitsua gordetzen dute: itsasoaren etengabeko jardunaren ondorioz, agerian geratu dira historia geologikoaren milioika urte, ondoz ondoko geruzatan idatzirik. Geoparkeak deskubrimendurako bidaia hau egiteko hamaika proposamen egiten ditu.

 

Martxotik azarora astebururo, eta uztaila eta abuztuan ia egunero egin daitezke bisita gidatuak. Itsas irteerak, irteera geologikoak, trekking ibilaldiak, belaontzian txangoak, arrantza irteerak… bada non aukeratu.

 

Berrikuntzen artean, Flyscha haurrentzat izeneko esperientzia dugu. Etxeko txikienek flyscharen mundu
zirraragarriaz gozatzeko aukera izango dute. Esperientzia NAUTILUS Mutrikuko Ikasgune Geologikoko bisitarekin hasten da, haurrei egokitutako bisita laburrarekin. Jarraian, txikienek geologia tailer dibertigarri batean parte-hartuko dute eta etxera eramango duten fosila egingo dute. Amaitzeko, itsasontzian sartu eta Saturraran inguruko flysch beltza bisitatuko dute.

 

Karstaren Ibilbidea

Flyschetik oso gertu, mundu berri bat deskubrituko dugu, Karstaren Ibilbidean barrena. Bertan, kareharriaren higadurak sortutako paisaia ezberdinen mosaikoa dugu, antzinako garaietan itsaso tropikal batean azpian eratua. Debako Lastur bailara, Mutrikuko Olatz edota Astigarribia dira, esaterako, Karstaren munduko adierazle nagusiak.

 

Berrikuntzen artean, nabarmentzeko moduko proposamenak dira honako hauek: Karsta ezagutzeko zaldi-ibilaldiak Mutrikun eta bisitari ausartagoentzat lurrazpiko galeria sekretuak deskubritzeko espeleologia irteera gidatuak Debako Aixa koban. Espeleologia irteerak apirilean hasiko dira.

 

Kultura eta esperientzia

Geoparkeak tokiko kulturarekin, ohiturekin, antzinako ogibideekin eta 3 herrietako ondare arkitektonikoarekin bat egiteko aukerak ere eskaintzen ditu. Bloke honetan ere bada berrikuntzarik aurten, besteak beste, Lasturko Artzain Txikien Esperientzia, zetazeoak ikusteko txangoak Zumaian, arrantza-irteerak Mutrikun, Zumaia eta Itsasoa lotzen dituen bisita kultural berria edota Santa Maria Eliza bikainaz gozatu ondoren kontzertu berezi batez disfrutatzeko aukera.

Webgune honetan bisita gidatuetarako sarrerak eskuratu daitezke, baita Mutriku, Deba eta Zumaiako turismo bulegoetan ere. 

None
Euskal Kostaldeko Geoparkeak denboraldi berria hasi du berrikuntza ugarirekin