23 lagunek jaso dute Geoparkean gidari izateko ikastaroaren akreditazioa

2018-12-13

Gidari izateko trebakuntza ikastaroa osatuta, 23 lagunek eskuratu dute Geoparkean gidari izateko akreditazioa.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak, bigarren urtez, Geoparkean gidari izateko trebakuntza ikastaroa eskaini du. Helburua Geoparkeari buruzko oinarrizko ezagutza jorratzea izan da, bertako ondare naturala eta kulturala, eta gidarien lanarekin loturiko bestelako kontzeptuak ere lantzea, hala nola, interpretazioa, komunikazioa, taldeen kudeaketa edota ekintzailetza.

Hogeita hamar lagunek hasi zuten ikastaroa eta horietatik 23k jaso zuten atzo diploma, euren proiektuen defentsa egin ostean. Debako Kultur Elkartean egin zen ekitaldia eta bertan izan ziren Geoparkeko gerentea, Leire Barriuso, eta zuzendari zientifikoa, Asier Hilario.

Ikastaroak alde teorikoa eta praktikoa izan du. Batetik, parte-hartzaileek Geoparkearen balio nagusiei buruzko kontzeptu teorikoak ezagutu eta aztertu dituzte, funtzionamendua, Geoparkeen Munduko Sarea, komunikazioa, taldeen kudeaketa, etabar. Eta, bestetik, ikasleek Geoparkeko hainbat bisita gidatu egiteko aukera izan dute, ibilbide bakoitzaren interpretazio-diskurtsoa eta egitura lantzeko asmoz.

Euskal Kostaldeko Geoparkearen apustua da kalitatezko irteera gidatuen eskaintza zabalari eustea, Geoparkea osatzen duten hiru herrietan – Deban, Mutrikun eta Zumaian – dagoen ondare naturala eta kulturala ezagutzera emateko helburuarekin.

23 lagunek jaso dute Geoparkean gidari izateko ikastaroaren akreditazioa